Goierriko euskarazko komunikabideak, bat egiteko prozesuan murgilduta

2026-02-27

 

Goierriko Hitza, Goierri Irrati Telebista eta Segura Irratia eskualdeko proiektu komunikatibo multimedia bat sortzeko lanean ari dira

Aurrez egindako aldizkako kolaborazioei eta elkarlan keinuei oinarri sendo bat jartzeko prozesu batean murgilduta dabiltza iazko udazkenetik Goierriko euskarazko hiru komunikabide nagusiak: Goierriko Hitza, Goierri Irrati Telebista eta Segura Irratia. Dinamika horren helburua Goierri mailako proiektu komunikatibo multimedia bakar bat sortzea da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak (HPS) Tokikom hedabideen elkartearekin lankidetzan abiatu duen programa pilotu bat dago Goierriko hiru hedabide nagusien bateratze prozesu honen oinarrian. Eskualdeetan komunikazio proiektu lehiakorrak garatzea du helburu proiektuak, euskarazko tokiko hedabideak elkarlanean aritzera bultzatuz eta inguru digital berrietara egokitzeko gaitasuna indartuz, herritar gehiagorengana iritsi ahal izateko.

HPSren euskarazko tokiko hedabideak eskualdetzeko egitasmoak bizkortu egin du lehendik Goierrin egon bazegoen asmo bat. Dagoeneko bi talde dinamika egin dituzte hiru hedabideetako langileek elkar ezagutzan sakontzeko eta egitasmo berriaz hausnartzeko, eta proiektua gidatuko duen zuzendaritza talde bat ere sortu dute hiru komunikabideetako ordezkariek. Zeregin horretan Tokikomek kontratatutako kudeatzaile baten laguntza dute.

Proiektuaren balioak

Tokiko hedabideok lehiakortasunean urratsak egitea bilatzen du proiektuak, eta horretarako berrikuntzaren ildoari helduko zaio. Narrazio modu berriak, balio berezia duen komunikazio eskaintza eta teknologia aurreratuak hartzaile berriak erakartzeko tresna modura erabiltzea izango da komunikabideon erronka, kazetaritza ona eginez eta komunikazioaren lidergoan sendotuz.

Proiektua komunikatibo multimedia bat eta bakarra sortuta, goierritartasun identitatean sakontzea, eskualdearen pluraltasunaren isla izatea, demokrazia sozialerantz pausoak ematea eta funtzio sozial eraginkor bat egitea da nahia, euskaratik eta euskaraz. Bide horretan guztian komunitatearen parte hartzeak berealdiko garrantzia izango du.

Komunitatea giltzarri

Hedabideak ez dira ezer bestaldean irakurleak eta ikus-entzuleak ez badaude, informazio-iturri eta kolaboratzaileak ez badaude, eta proiektuaren babesle eta oinarri diren herritarrak ez badaude. Azken hamarkadetan izan den bezalaxe, abiatze fasean dagoen proiektu komunikatibo berritzaile honetan ere giltzarri izango da komunitatea.

Udal arduradun eta alderdi politikoetako ordezkariei eman diete egitasmoaren berri. Agente garrantzitsuak dira inondik ere tokiko komunikabideon egunerokoan. Baita urteon joanean hedabideen proiektuetan babesle izan dituzten gizarte, euskara, kultur, kirol eta hezkuntza arloko eragile guztiak ere. Bide berria elkarrekin egitea eta elkarrekin urratzea, premiazko jo dute, euskarazko tokiko komunikazio proiektu berriak oinarri sendoak izan ditzan. Hori dela eta, datorren udaberrian egingo diren aurkezpen saioetan parte hartzeko deia egin nahi diete egitasmo honekin bat egiten duten guztiei. Aurrerago jakinaraziko dituzte egun, toki eta ordu zehatzak.

 

GITB Albistea 

Goierriko Hitza albistea

 

IRRATSAIOAK






Datu Pribatutasun Politika | Cookie politika